Jakitun sarituak

Jakitun sarituak

Hainbat jakitunek sariak irabazi dituztela ospatzen ari da egunotan Akademia. Berriki, ekainaren 5ean, Jon Maya Sein dantzari, koreografo eta jakitun urgazle gazteak zuzentzen duen Kukai Dantza Taldeak 2017ko hiru Max Sari jaso ditu "Oskara" izeneko lanagatik: dantza-ikuskizun, dantza-talde eta janzkera onenaren sariak, hain zuzen ere.

Maiatzaren 31n jakin dugu 2017ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria Montxo Armendariz jakitunak jasoko duela. Epaimahaiak adierazi duenez, "Azken 30 urteetako funtsezko zinema-zuzendarietako bat da. Bere lanak oso modu berezian irudikatzen du belaunaldi oso bat, tokiko esparrutik harantzago joan diren eta publiko zabalari iristea lortu duten egunerokotasuneko istorioetan oinarrituta. Bere lan askotan, Euskal Herriaren alderdi bisualak, kulturalak eta etnografikoak islatzen dira". Saria udazkenean jasoko du Armendariz jaunak Miramar Jauregian.

Egun berean, arratsaldez, Pedro Miguel Etxenike Jakiundeko Ohorezko Lehendakariak Real Academia de las Ciencias Exactas, Físicas y Naturales erakundeko kide kargua hartu zuen, bertako 35. domina beteko duelarik. Madrilen, Real Academiaren egoitzan egindako ekitaldian “Dinámica de iones y electrones en sólidos y superficies y pequeñas pinceladas sobre ciencia” izendapen hitzaldia eskaini zuen.

Amaitzeko, sari hirukoitza lortu du Maria Jesus Esteban Galarza jakitunak, Paris-Dauphine Unibertsitateko irakasle eta International Council for Industrial and Applied Mathematics (ICIAM) erakundeko presidenteak. Batetik, CAF-Elhuyar Merezimenduaren Saria jaso du, Valentziako Unibertsitateak Doctore Honoris Causa izendatu du maiatzaren 17an egindako ekitaldian eta, azkenik, Zientzien Europako Akademiak erakundeko kide egin du Matematika sailean.

1 -tik 21 -rako elementuak erakusten, guztira:189
top