Rafael Moneo jakitunak Praemium Imperiale Saria eta Soane Domina bereganatu ditu

Rafael Moneo jakitunak Praemium Imperiale Saria eta Soane Domina bereganatu ditu

Japoniako Arte Elkarteak sari gorena eman dio Rafael Moneori; Praemium Imperiale saria, hain zuzen. Tokion jasoko du, urriaren 18an.

Arkitekto nafarra, zeinak besteak beste Pritzker saria duen, «toki bakoitzeko historia kontuan hartzen duen estilo dotoreagatik» eta «bere eraikinen diseinuaren eta inguruaren arteko harmonia bilatzen egindako ibilbideagatik» saritu dute. Japoniako Arte Elkartearen iritzian, «jarraitutasun ordenatua da Moneoren diseinuaren bereizgarririk nagusiena»; eta hau ere badiote arkitekto nafarraren lanari buruz: «Haren eraikinak erraz barneratzen dira hiri-paisaian, eta, aldi berean, ingurunea errespetatu eta nortasun argia eta lotura bat sortzen du bere ikuspegi sortzailearekin».

Rafael Moneo «pozik eta zoriontsu» agertu zen Berlinen –han eman zuten sariaren berri–, eta adierazi zuen kontziente dela zer garrantzi duen hain urruneko kultura bateko jendeak bere lanari buruz interesa agertzeak. «Beti zalantzaz beterik lan egiten dut, eta poztu egiten nau ikusteak beste batzuek ulertu egiten dutela eta gai direla gure lana interes handiz jasotzeko; hori da, beharbada, honelako sari baten saririk handiena».

Japoniako Arte Elkartearen izenean, Japoniako errege-familiak 1989. urtetik banatzen du nazioarteko sari hau, eta arlo hauek saritzen dira: margolaritza, eskultura, arkitektura, musika eta zinema eta antzerkia. Hain zuzen ere, Nobel sarietan sartzen ez diren arloak. Sarituek domina bat eta 15 milioi yen (114.000 €) eskuratzen dituzte.

Aurten, Jakiundeko akademikoarekin batera, hauek izan dira gainontzeko sarituak: Shirin Neshat (Iran/AEB), margolaritzan (eta argazkilaritzan); El Anatsui (Ghana/Nigeria), eskulturan; Youssou N’Dour (Senegal), musikan, eta Mikhail Baryshnikov (Letonia/AEB), zinema eta antzerkian.

Eduardo Chillidak 1991. urtean jaso zuen saria, eskultura-alorrean. Azken urteotan, arkitektura-arloko sarituak hauek izan dira besteak beste: Dominique Perrault (2015), Steven Holl (2014), Henning Larsen (2012), Toyo Ito (2010), Rem Koolhaas (2003), Norman Foster (2002) eta Frank Gehry (1992).

Praemium Imperiale saria Rafael Moneoren 2017ko bigarren aitorpena izan da; izan ere, azaroaren 1ean lehen Soane Domina jasoko du arkitekturari egindako ekarpenagatik. Ekitaldia Londresko Royal Instituten egingo da, eta bertan, urteko Soane Hitzaldiaren irekiera-mintzaldia emango du.

1 -tik 21 -rako elementuak erakusten, guztira:190
top