Akademiaren Jakitunak

Altuna Etxabe, Jesús

Antropologoa

Jesus Altuna Etxabe (Berastegi, 1932). Filosofia eta Teologia ikasi zituen, Gasteizko eta Donostiako Apaiztegietan, eta Zientzia Biologikoak Madrilgo Unibertsitatean.

Indusketa ugaritan hartu du parte 1960tik 1972 arte, eta, haietan, arkeologo ugari izan ditu zuzendari: Jose Migel Barandiaran, bereziki, eta nazioko eta nazioarteko beste batzuk. Sudango Nubia eskualdeko indusketetan aritu zen, UNESCOren eskariz.

Arkeologia-indusketa asko zuzendu ditu 1973tik egun arte; honako hauek aipa daitezke: Cueva Morín, La Riera, Ekain, Dufaure, Erralla, Amalda, Vidigal (Portugal), Gipuzkoako Megalitoak eta Mirón (Kantabria). Honako hauek ditu ikerketa-arlo nagusiak: historiaurreko aztarnategietako arkeozoologia, arte paleolitikoa eta ondare arkeologikoaren babesa.

Katedradun gisa irakatsi zuen, Jose Maria Usandizaga Institutuan. 1980tik 2002an erretiroa hartu arte, Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedraduna izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurrea Saileko zuzendaria izan da; MUNIBE aldizkariko zuzendaria, eta argitalpen-batzordeko kide, aldizkari zientifiko hauetan: Nazioarteko Euskal Ikaskuntzen Aldizkaria, Doñana-Acta Vertebrata, Archaeofauna, Archaeozoologia, Anthropozoologica, Férvedes. Gainera, Centre de Recherches d'Ecologie Souterraine elkarteko eta International Council for Archaeozoology-ko (ICAZ) ohorezko kide da.

210 titulu baino gehiago (haietako 12, liburuak) argitaratu ditu: ikerketak dira gehienak; argitalpen didaktikoak eta dibulgaziokoak, beste batzuk.

Honako sari hauek jaso ditu, besteak beste: Zientzia Ikerketako Ibáñez Martín Saria; Xabier Maria Munibe Saria; Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria; Lan Onari Goraipamena, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, eta 2004ko Euskadi Ikerketa Saria.

Hautetsitako kide osoak

Karguagatiko kide osoak

Ohorezko jakitunak

Kide urgazleak

Kide urgazle gazteak

Aintzinako kideak

top