Akademiaren Jakitunak

Balluerka Lasa, Nekane

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore

Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, Gipuzkoa, 1966). Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean eskuratu zituen Psikologiako lizentzia, 1989an, eta doktore titulua, 1993an (Ezohiko Saria, bietan). Lizentziatura amaitu ondoren, irakasle lanetan hasi zen Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatean eta azaroaren  11z geroztik UPV/EHUko errektore da.

2009az geroztik, Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna da. Docentiaz programan, bikain ebaluazioa jaso du haren irakasle jardunak. Ikerketa lerro hauetan egin ditu ekarpen nagusiak: ebaluazio psikologikorako tresnak sortzeko eta haien kulturarteko egokitzapena gauzatzeko metodologia, eta maila anitzeko analisi ereduen aplikazioa fenomeno psikosozialen ikerketan. Diruz lagundutako 41 ikerketa proiektutan parte hartu du, eta ikertzaile nagusi izan da horietako bederatzitan. Qualiker taldeko ikertzaile nagusia da. 96 artikulu zientifikoren, 24 libururen eta 9 liburu kapituluren egilekidea da. CNEAIk ikerketako hiru seiurteko aitortu dizkio, eta aurten bertan laugarrena eskatzekotan da. Hamar doktorego tesiren zuzendari edo zuzendarikide izan da, horietako bik europar aipamena jaso dutelarik, bostek nazioarteko aipamena, eta hiruk doktoregoko ezohiko saria, UPV/EHUren eskutik. Gainera, horietako batek Eusko Jaurlaritzak ematen duen "Euskal Gizartearen Egoera” saria jaso du, eta beste batek sari horren accesita. 220 ekarpen egin ditu estatuko eta nazioarteko biltzarretan. Hogei hitzaldi inguru eman ditu gonbidatu gisa, eta sinposio, mahai-inguru, workshop eta udako ikastaro ugari koordinatu ditu foro espezializatuetan.

Ikertzaile bisitari gisa egonaldiak egin ditu unibertsitate hauetan: Arizona State University (1995), University of California (2005) eta Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research (University of Manchester, 2010).

Nekane Balluerkak ibilbide luzea egina du unibertsitate kudeaketan. Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) kidea da, eta Portaera Zientzien Metodologiako Espainiako Elkarteko (AEMCCO) eta European Association of Methodology (EAM) elkarteko kide fundatzailea. Azken elkarte horren kasuan, Methodology. European Journal of Research Methods for the Behavioral and Social Sciences izeneko aldizkari ofizialeko editorea ere izan da lau urtez (2011-2015), eta epe horretan Thomson Reuters konpainiaren Journal Citation Reports izeneko datu-baseko lehen kuartilean kokatu dute aldizkaria, 2011n datu-base horretan ageri ere ez zelarik. Kataluniako Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatzeko Agentziako (AQU) kanpo aholkularia izan da 6 urtez. Honako kargu hauek izan ditu UPV/EHUn: Psikologia Fakultateko dekanordea (2004-2006); Ikasketa Berrikuntza eta Kalitatearen arloko errektoreordea (2006-2009); Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea (2012-2016); Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitateko Batzordeko kidea (2007-2012), eta Gizakiekin lotutako Irakaskuntzarako eta Ikerketarako Batzorde Etikoko kidea (2009-2012) eta burua (2012-2013). 

Hautetsitako kide osoak

Karguagatiko kide osoak

Ohorezko jakitunak

Kide urgazle gazteak

Aintzinako kideak

top