Akademiaren Jakitunak

Alkorta Idiakez, Itziar

Legelaria (Zuzenbide zibila)

Itziar Alkorta Idiakez (Donostia, 1967) Zuzenbide Zibileko Irakasle Titularra da UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatean. Ikertzaile ibilbidea hasi zuen Donostian, giza ugaltze teknologia berrien inguruan, Eusko Jaurlaritzak eskeinitako bekari eskerrak, Gil Rodriguez doktoreak zuzenduriko tesiarekin (2001).

Doktorego osteko formazioa osatzeko Hastings Center for Bioethics (New York) eta University of Pennsylvania-ko Center for Bioethics-en (Philadelphia) egonaldiak baliatzen ditu. Etapa honen ondorioz giza ugaltze eskubideen gaineko erreferentziazko obra publikatzen du 2003an, Aranzadi-Thomson argitaletxean. Ondoren, Europako Programa Markoetako ikerketa-konsortzioetan ikerlari moduan parte hartzen du, horren emaitza direlarik inpaktuko publikazioak (Palgrave-Macmillan argitaletxeetan) eta Europako Parlamentuari zuzendutako gomendioak bioteknologien arauketaren inguruan. Nazioarteko ibilbideak eramaten du 2016/2017 ikasturtean Bordeleko Unibertsitatean ikermugikortasun egonaldia osatzera. Berriki, Sidney-ko Unibertsitatean parte hartu berri du ponente gisa Biocommodity-ei buruzko nazioarteko Kongresuan.

Bere ikerketa lanaren ondorena izan da bioetikaren erronken gaineko eztabaida sozialean duen parte–hartze aktiboa, dela ikastaroak, debateak, hitzaldiak, eta euskal nahiz estate mailako komunikazio medioetan argitaratutako artikuluak.

Ikerketa eta zabalkunde lanarekin batera, gizarte konpromisoak kulturaren eta zientziaren politiken sustapenean parte hartzera darama. Eusko Ikaskuntzako Idazkaritzatik Eleria aldizkari juridikoa abian jarri zuen, beste programa batzuekin batera. UPV/EHUko Berrikuntza eta Kalitate Errektoreorde izan zenean IKD Ikaskuntza eredua jarri zuen martxan, irakaslegoaren formazio, ebaluazio eta berrikuntza metodologikoak eskainiz. Jakiunde, Zientzia, Letrak eta Artearen Euskal Akademiaren Idazkaritzak Euskal Herriko zientzia eta kulturaren alde lanean jarraitzeko aukera eman zion.

Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuorde izendatu zuten 2012an, Unibertsitate Plan berriaren ardura hartu zuelarik (2014). Egun, Iura Vasconiae Fundazio-ko Presidenteordea da, bertan Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko bilduma zuzentzen duelarik. Halaber, Sokoako Mugarteko Kanpusaren Ocean I3 programa zuzentzen du, UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitateen arteko formazio eta ikerketa programak uztartu asmo dituena.

Politika publikoen kudeaketan eskuratutako esperientzia baliatzeko deitzen diote estatu mailan eta baita nazioartean ere, ikerketa programa instituzionalak ebaluatzeko.

Hautetsitako kide osoak

Karguagatiko kide osoak

Ohorezko jakitunak

Kide urgazleak

Kide urgazle gazteak

Aintzinako kideak

top