Akademiaren Jakitunak

Igartua Ugarte, Ivan

Hizkuntzalaria

Ivan Igartua (Gasteiz, 1972), Eslaviar Filologian lizentziatua (Moskuko Lomonosov Unibertsitatea, 1995), Hispaniar Filologian lizentziatua (UNED, 1997) eta Filologia Klasikoan doktorea (UPV/EHU, 2003, ezohiko saria 2015ean). Bere ikerkuntza-ildoak honako hauek dira: hizkuntza eslaviarren hizkuntzalaritza historikoa, tipologia morfologikoa, tipologia diakronikoa eta morfologia historikoa; aitzineuskararen berreraikitzea; eta euskararen lexikografia historikoa.

Eslavista eta hispanista da prestakuntzaz (adar linguistikotik), eta gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arabako Campuseko errektoreordea eta Eslaviar Filologiako irakasle titularra da 2009az geroztik (unibertsitateko katedradunaren akreditazioa lortu zuen 2016an). Kargu publikoak izan ditu EAEko administrazioan. Hain zuzen ere, Euskararen Aholku Batzordeko kidea, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria izan da (2010etik 2013ra); UPV/EHUko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko idazkari akademikoa izan da (2003tik 2007ra).

Ivan Igartuak hizkuntzen (eslaviarrak, baltikoak, beste indoeuropar batzuk eta hizkuntza isolatuak –euskara, kasu–) historia eta tipologia aztertu ditu azken urteetan bere ikerkuntza-lanaren zati handi batean. Alor honetan hamar bat liburua argitaratu ditu, besteak beste, Gramática histórica de la lengua rusa’ (2007) eta ‘Euskararen historia laburra (2018), editorekidea izanik bietan. ‘Historia de la lengua vasca’ (2018), ‘Perspectives on language structure and language change’ (Amsterdam / Philadelphia, John Benjamins, 2019), eta‘Basque. Linguistic minorities in Europe online’ (Mouton de Gruyter, 2020) lanen idazlekide eta editorekide izan da. Era berean, 76 artíkulu ditu argitaratuak inpaktuko hainbat hizkuntzalaritza aldizkarietan, hala nola, ‘Language’, ‘Studies in Language’, ‘Diachronica’, ‘Russian Linguistics’, ‘Journal of Indo-European Studies’ eta ‘Indogermanische Forschungen’.

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Hizkuntzaren Historia eta Hizkuntzalaritza Historiko Konparatuko Ikertaldeko kidea da, bai eta Antzinate Jakintzen Institutukoa eta Julio de Urquijo Euskal Filologiako Institutu-Mintegikoa ere. Bestalde, 2019an John Benjamins argitaletxeko Current Issues in Linguistic Theory (CILT) serieko Argitalpen Kontseiluko kide izendatu dute.

Jarduera akademiko eta profesionalez gain, Ivan Igartuak euskarazko bi liburu argitaratu ditu: "Metroko neska. Ipuinak eta mikroipuinak" (Hiria, 2001) eta "Harrizko hiri hau" (Hiria, 2006). Gainera, argitalpen literario eta kulturaletan kolaboratu du.

Txikitan, atleta izan zen: 1987an, 15 urte bete gabe zituela, gorako jauziko eskola-kadete kategoriako Espainiako txapelketa irabazi zuen (1,94 m-ko erregistroa lortuz). Urte berean bere adineko Espainiako marka onena garaitu zuen 1,98 m-ko markarekin. 2003an utzi zuen atletismoa.

Ivan Igartua JAKIUNDEko jakitun urgazle hautatu zuten 2019ko azaroaren 8an.

Hautetsitako kide osoak

Karguagatiko kide osoak

Ohorezko jakitunak

Kide urgazleak

Kide urgazle gazteak

Aintzinako kideak

top