Jarduerak

Jakiunderen helburua jakintzaren gizartea sustatzeko ekimenak proposatzea, diseinatzea eta ebaluatzea da. Akademiak Zientzien, Arteen eta Letren arteko jakintzen trukea sustatu nahi du, baita ikertzeko eta sortzeko askatasuna ere; izan ere, jakintza gizakiaren aurrerabidearen eragile nagusitzat jotzen du. Balio horiekin bat etorriz, Jakiunderen jarduerak intelektualak eta akademikoak dira esklusiboki, gogoetan oinarrituak, joera jakinekin lotu gabeak eta espiritu kritikoan oinarrituak.

Gaur egun, Akademiaren jarduerek hiru lan-ildo dauzkate:

Topaketak

Topaketak

Ekimen dinamikoa da, gazteen kezkek eta jakin-minak bultzatua. Izan ere, zalantzak adierazteko, galderak eta iruzkinak egiteko eta akademikoekin topaketan sortzen den edozein gairi buruz eztabaidatzeko aukera daukate. Akademikoek beren esperientzien berri ematen diete ikasleei, beren bizipenetatik, ibilbide profesionaletatik eta irakasgaietatik abiatuta. Dudarik gabe, harreman zuzena izatea esperientzia atsegina da ikasleentzat eta beraien gaitasunak osorik garatzen laguntzen die.

Diziplina arteko akademia garen aldetik, gazteen artean jakintzarekiko maitasuna eta zaletasuna, norberaren argudioak argi aurkeztea eta besteen argudioak entzuteko eta ulertzeko gogoa sustatzea da gure asmoa. Aipatutako ekimena Jakiunderen xedearen barruan sartzen da; hau da, «Zientziak, Arteak eta Letrak sustatzea».

jarduera guztiak ikusi >

Jakin-Mina

Jakin-Mina

Jakin-mina Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ikastetxeetako DBHko 4. mailako gazteentzako programa bat da, beren alorrean goi mailakoak diren adituen diziplina anitzeko hitzaldi-ziklo sorta batez osatua. Zikloak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egiten dira. Hasieratik, 2011tik, gaur egunera arte mila gaztek hartu dute parte programan.

Jarduera honekin, Jakiundek gazteon jakintza maila aberastu eta haien jakin-mina piztu nahi du, ezagutzen ez duten oro deskubritzeko grina sorrarazita.

jarduera guztiak ikusi >

Erronkak

Erronkak

Erronkak/Desafíos Jakiundek Donostia / San Sebastián 2016, Europako Kultur Hiribururako diseinatutako egitasmoa da. XXI. mendeko gizarteek aurrean dituzten erronka handiak aztertuko ditu egitasmoak hitzaldi, mintegi eta eztabaidez osatutako hainbat jardunaldietan. Gaur egungo gizarteek aurrez aurre dituzten erronkak aztertzea, eta horien inguruan hausnartzea da jardunaldien helburua, erronka horiei emandako erantzunek baldintzatuko dutelako gure etorkizuneko gizartearen ongizatea.

Jakiundeko kideek koordinatutako 10 jardunaldiz osatutako egitaraua da, eta honako gaiak jorratuko dira: garunaren zahartzea, biolentzia gazte-jendean, buruko gaitzak, erronka ekonomikoak eta gizarteari eta ingurugiroari dagozkionak, material berrien iraultza, sormen lantegiak, gizarte kohesioa, musika hezkuntzaren erronka, lurralde antolamendua eta globalizazioa, eta lege naturalen eta giza legeen arteko oreka.

Erronkak/Desafíos egitasmoak Laboral Kutxa erakundearen babesa du eta San Telmo Museoaren (STM) laguntza, eta bertan egingo dira 5 jardunaldi, hain zuzen ere. Donostian ez ezik, Getxoko Punta Begoñan, Bilbon, Pasai Donibanen eta Legazpin ere egingo dira jardunaldiak.

jarduera guztiak ikusi >

Krisiak

Krisiak

Krisiak izeneko proiektuak krisi egoerak giza-sormenerako, berrikuntzarako eta gizarte-aldaketarako aukeratzat jotzen ditu. Euskal gizartearen zerbitzura egonik, Jakiundek krisiaren inguruko bere ezagutzak, gogoetak eta orientabideak emateko betebeharra dauka, diziplinen arteko ikuspegi batetik begiratuta. 

Krisiak 2014an sortu zen, astindu gaituen eta euskal gizartearen sektore asko gogor kolpatu dituen krisi ekonomikoa aztertzeko helburuarekin. Krisiak izeneko jardunaldietan aztertutako auzien bitartez, Akademiak sormenerako, berrikuntzarako eta aldaketarako aukera berriak ikusteko aukera emango zuten hainbat auzi planteatzeko asmoa zeukan.

jarduera guztiak ikusi >

top