JarduerakErronkak
Urriaren 26a: Inmigrazioa eta hesi berriak

Urriaren 26a: Inmigrazioa eta hesi berriak

Iñaki Gabilondo eta Simon Kuper kazetariek, Maria Dolores López, kultura-antropologoa eta Bartzelonako Udaleko Inmigrazio, Kulturartekotasun eta Aniztasunerako mandatariak, egungo gizartean Inmigrazioak eta hesi berriek eragiten dituzten erronkak aztertu zituzten STM-San Telmo Museoko elizan, urriaren 26an, arratsaldeko 19:00etan, JAKIUNDEko kide Mari Carmen Gallastegui, UPV/EHUko Ekonomia katedradun emerituak eta Ignacio Palacios-Huerta, Erresuma Batuko London School of Economics-eko Ekonomia, Estrategia eta Gestioko katedradunak koordinatutako Erronkak jardunaldian.

Mundu globalizatu batean bizi gara baina, paradoxikoki, gure mundua hesiz josita dago eta hesi berriak eraikitzen ari dira, hauek eraikitzeko orduan ahalik eta ezagutza tekniko eta arkitektoniko aurreratuenak erabiliz zeharkaezinak izan daitezen.

Hesien Mundu honek hausnarketa sakon bat eskatzen du, egoera honen ondorioak aztertu eta hesiak zein neurritan beharrezkoak ditugun ala ez argitzeko.

Ignacio Palacios-Huerta jakituna izan zen moderatzaile konferentzien ondoko mahai-inguruan. 

Hitzaldien eta mahai inguruaren grabaketa.

Hizlariak:

- Iñaki Gabilondo

Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritza Lizentziatura ikasi ondoren, 21 urte zituelarik, 1963an, Donostiako Radio Popularren (COPE) hasi zen lanean. 27 urterekin, irrati katearen zuzendari zen. 1969an, Cadena SERen Radio San Sebastiánen zuzendaritza hartu zuen. Bi urte beranduago, Sevillako Cadena SERen zuzendari izendatu zuten. 1978an, Madrilgo Cadena SERen informazio-zerbitzuetan sartu zen, Hora 25 zuzentzeko. Eta 1980an, Cadena SERen informazio-zerbitzuen zuzendari izendatu zuten. Ondoren, TVEko albistegien zuzendaritza hartu zuen. Telebista publikoan izan ondoren, Radio Televisión 16 zuzendu zuen. 1983an, Cadena SERera itzuli zen, eta Aquí la SER, Matinal SER, Pido la palabra eta Onda Media irratsaioen aurkezle eta zuzendari izan zen. 1986an, bere iritzian, bere bizitzako programa izan dena hasi zuen: Hoy por hoy; Espainiako irratiaren historian entzule gehien izan duen irratsaioa. 

TVEko albistegiak zuzendu ondoren, zenbait telebista-programarekin uztartu zuen irratia: En familia (TVE-1, 1987tik 1989ra); Iñaki, los jueves (Telemadrid, Canal Sur, ETB eta Canal 9; 1990); Gente de primera (TVE-1, 1993); Entrevista con (TVE-1, 1995).

Kazetari donostiarrak sari, ohorezko domina eta Honoris causa doktoretza ugari bereganatu ditu. Gabilondoren karrera profesional luzeak irratia eta telebista barne hartzen ditu.

- Simon Kuper

Izen handiko kazetari eta idazle britainiarra. Kultura, gizartea, politika eta kirolaren inguruan idazten du.

Gurasoak hegoafrikarrak izanagatik, Kanpalan, Ugandako hiriburuan jaio zen, eta ume zelarik, Leidenera (Herberehereetara) joan zen bizitzera. Bertako unibertsitateko Antropologiako irakasle zuen aita. Hegoafrikan, Kalifornian, Berlinen eta Londresen bizi izan da. Historia eta alemana ikasi zituen Oxfordeko Unibertsitatean, eta, Kennedy Bekaren bidez, Harvard Unibertsitatean. Gaur egun Parisen bizi da bere familiarekin.

Hainbat egunkaritan idatzi du; esaterako, Britainia Handiko The Observer eta The Guardian; Herbehereetako De Pers, Hard Gras eta Vrij Nederland; eta Espainiako El País egunkarietan. 2002. urtetik, astero idazten du zutabe bat Financial Times egunkarian (Weekend). 1994an Urteko Kirol Liburu Onenaren William Hill Saria eskuratu zuen (William Hill Sports Book of the Year), Football Against the Enemy obragatik.

2007an, Espainian saritu zuten, Manuel Vázquez Montalbán Kazetaritzako Nazioarteko Saria eskuratuz.

- María Dolores López

Antropologia kulturalean aditua da. Afrikako eta Kulturarteko Ikasketen Zentroaren zuzendari izan da, eta bertan, ikerketa-lanetan aritu da 1990. urtetik. Kulturartekotasunean, bizikidetzan eta migrazioetan aditua da, Kataluniako Ikus-Entzunezko Kontseiluko Dibertsitaterako Mahaiko kide, baita islamofobia-gertakarien aurkako kolektiboaren (SAFI) fundatzaile ere. Gainera, prestakuntza- eta aholkularitza-jarduerak egin ditu, nola eskualdeko hala udalerriko kontseiluetarako. Faxismoaren eta Arrazakeriaren Aurkako Unitateko aktibista da, eta Bartzelonako Zurrumurruen Aurkako Sarearen Zuzendaritza Batzordeko kide izan da, sarearen hastapenetik. Horrez gain, Bartzelonako Udalaren Kulturartekotasun Planaren esparruan, bizikidetzaren inguruko zenbait programatan parte hartu du. Esperientzia zabala du migrazioaren inguruko ikerketan, eta Bartzelonako Unibertsitateko (UB) Kulturaniztasun eta Genero Taldeko kide da.

2015. urtetik, Bartzelonako Udaleko Immigrazio, Kulturartekotasun eta Dibertsitate Batzordearen ordezkari da.


top