JarduerakErronkak
2016/09/06: Parkinsonen gaixotasuna sendatzerik edo prebenitzerik izango al dugu etorkizunean? (Garunaren zahartzea: erlojuaren kontrako lasterketa)

2016/09/06: Parkinsonen gaixotasuna sendatzerik edo prebenitzerik izango al dugu etorkizunean? (Garunaren zahartzea: erlojuaren kontrako lasterketa)

Parkinsonen gaixotasuna gaixotasun neuroendekatzaile ohikoena da, Alzheimerra eta gero. Gaur egun aldaketa motoreen bitartez egiten da gaitzaren diagnostikoa (dardarak, trakestasuna, zurruntasuna, aldaketak gorputzaren jarreran eta ibilkeran), baina zantzu hauek neuronen endekatze prozesua hasi eta 20 urte beranduago azaltzen dira. Neuronen endekatze prozesua, ziurrenik, digestio-aparatuan, usaimen-erreboiloan eta bihotzean hasi, eta nerbio-sistema periferikoaren bitartez bizkar-muinera eta garunera kutsatuko dira. Gaixo batzuk idorreria, lo egiteko arazoak edota depresioa jasan dezakete gaitz motoreak sufritu baino lehen.

Gaixotasunaren jatorria aldaketa genetikoetan edota ingurumenaren faktore ezezagunetan egon daiteke. Garunaren zenbait egitura kaltetzen dituzten hainbat prozesu desberdinen amaiera bezala ulertzen da egun gaixotasuna. Etorkizunean gaixotasunaren aurka neurriak hartu ahal izango dira alterazio genetiko ezaguna duten pertsonekin. Nolanahi ere, ez dakigu beste faktoreek eragindakoa denean prebentzio neurriak hartu ahal izango diren.

Parkinsonen gaixotasuna sendatzerik edo prebenitzerik izango al dugu etorkizunean? hitzaldia, José Félix Martí Massó doktorea, Donostia Unibertsitate Ospitalea-OSI Donostiako Neurologia Saileko burua, 2014ko Euskadi Ikerketa sariduna, Jakiundeko kide eta Erronkak/Desafíos DSS2016 baitako Garunaren zahartzea: erlojuaren kontrako lasterketa hitzaldi ziklo honen koordinatzaileak eskaini zuen.

Martí Massó doktoreak adierazi zuenez, gaixoaren ezaugarrien arabera gaur egun botikekin, kasu batzuetan kirurgiarekin edota ultrasoinu tratamenduak ere egiten hasi dira. Halere, etorkizunean gaixoek hobetzeko izango duten aukera nagusia prebentzioan egongo da, gaitza oraindik azaldu ez denean tratamenduak hasiz. Horretarako garrantzitsua izango da oso gaixotasunaren markadoreak edo adierazleak identifikatzea, hau da, etorkizunean gaixotasuna nork izan dezakeen adieraziko diguten ezaugarriak ezagutzeko gai izatea. 

Nolanahi ere, argi gelditu zen hitzaldian, batetik, ikertzeak duen garrantzia eta, bestetik, gaixotasunak saihestu nahi baditugu oinarrizkoa dela bizimodu osasuntsuari eustea (elikadura osasuntsua, ariketa fisikoa eta ohitura osasuntsuak izatea).

Parkinsonen Gaixotasuna duten Pazienteen Elkartearekin lankidetzan eskaini zen hitzaldia.


top