Akademiaren Jakitunak

Maya Sein, Jon

Dantzaria eta koreografoa

Jon Maya Sein (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) Informazio Zientzietan Lizentziatua (UPV/EHU).

Sei urte zituela murgildu zen dantza munduan, Errenteriako Ereintza Dantza Taldean. Dantza tradizionalean jaso du bere formazio nagusia, eta bertatik abiatuta landu ditu bere proiektuak. Bakarlari gisa, 1997 eta 2005 urteen artean zazpi aldiz izan zen Euskal Herriko Aurreskulari Txapelduna.

1999 eta 2001 artean LAXOK taldeko partaide izan zen, eta 2002. urtean, KUKAI Konpainia sortu zuen, bertan dantzari, koreografo eta zuzendari lanak betetzen dituelarik, dantza tradizional eta garaikidearen arteko bideetan sakonduz. Bertan artista ugarirekin elkarlanean jarduten da (Mireia Gabilondo, Cesc Gelabert, La Intrusa Danza, Pantxika Telleria, Iker Gómez, Jone San Martín, Israel Galván, Logela Multimedia, Marcos Morau/ La Veronal, Oreka Tx, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Juan Mari Beltrán, Carlos Núñez, etab.). Jon Mayak zuzentzen duen dantza-taldeak, beste sarien artean, 2009 MAX ikuskizun errebelazio saria jaso zuen; 2015ean Gelajauziak lanarekin bi MAX sari jaso zituen, dantza antzezle talde eta musika konposiziorik (Sabin Bikendi) onenaren ataletan; eta 2017ean hiru MAX sari, danta ikuskizun, dantza antzezle talde eta janzkera onenaren (Iraia Oiartzabal) ataletan.

Hezitzaile gisa, 1997. urteaz geroztik Errenteria Musikal Musika eta Dantza Eskolako irakaslea da, eta Ereintza Dantza Taldean ere eskolak ematen ditu. Horrez gain, hainbat tailer koreografiko eskaini ditu Euskal Herrian zein atzerriko jaialdi eta hirietan. Era berean, dantzaren sentsibilizaziorako hainbat proiektu zuzentzen ditu. Besteak beste, Errenterian, Kukai Dantzak eta Udalak kudeatzen duten egitarauaren arduraduna da, eta Malandaine Ballet Biarritz eta Victoria Eugenia Antzokiak kudeatzen duten, BALLET T egitasmoan aholkulari artistikoa da.

Hautetsitako kide osoak

Karguagatiko kide osoak

Ohorezko jakitunak

Kide urgazle gazteak

Aintzinako kideak

top