Uxueko Uda Ikastaroa 2025: Beldurra

Jakiundek NUPen udako ikastaroen baitan antolatzen duen Uxueko udako ikastaroa abuztuaren 8tik 11ra bitartean izango da 2025 honetan.

Pertseiden euriarekin batera antolatzen du Akademiak, Humberto Bustince, UPNA/NUPeko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialeko katedradunak koordinatzen duen ikastaroa, eta, aurten, abuztuaren 7ko Ilargi betearekin egingo du bat. Hori dela eta, Ilargiaren misterioaz eta ezezagunaren ikaraz blai, Beldurra izango da ikastaroaren gaia, ikuspegi eta diziplina ezberdinetatik aztertuko delarik. Hitzordua Santa María Eliza-gotorlekuaren Erronda pasealekuan izango da, ohi bezala.

Abuztuaren 8an, ostiralez, Juan José Zarranz akademikoak (Iruña-Pamplona, 1944), UPV/EHUko Neurologiako katedradun emerituak eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuburu ohia, eta bertako Epilepsia, Parkinson eta Ictus unitateetako zuzendariak zabalduko du ikastaroa Dementziaren beldur hitzaldiarekin. Zarranz doktorea Espainiako Estatuko Neurologiako lehen katedraduna izan zen 1984an.

Arratsaldean, Manuel Seara, RNEko Radio 5-eko A Hombros de Gigantes irratsaioko zuzendariak moderatuko du solasaldia.

Gauean, abuztuko Ilargi betearen aurrean, Harmonices Mundik zientzia-dibulgazioko diziplinarteko emanaldi bat eskainiko du, poesia errezitatua eta zuzeneko musika uztartuz. Errezitatutako kontzertua aire zabalean izango da, Aljibe plazako zeru izartsuaren pean.

Bigarren egunean, Tecnomiedos hitzaldiarekin zabalduko du larunbateko saioa Javier Echeverría (Iruña-Pamplona, 1948) akademiko eta zientziaren filosofoak. Echeverria irakasleak, besteak beste, honako sariak bereganatu ditu: Anagrama Saiakera Saria irabazi zuen Cosmopolitas hogares lanagatik (1995), Euskadi Ikerketa Saria Humanitateetan eta Gizarte Zientzietan (1997), Espainiako Saiakera Saria eman zion Kultura Ministerioak Los Señores del Aire lanagatik (2000), eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria (2016).

Javier Armentia astrofisikariak emango dio hasiera arratsaldeko saioari larunbatean, Apokalipsi kosmikoak: inpaktu istorioak (mediatikoak) gaiari buruz hitz egiteko, eta eguna amaitzeko Cecilia Bercovich (biolina), Eduardo Zubikoa (tenorea) eta Karla Martínez (pianoa) arituko dira Santa Maria Eliza-gotorlekuan, Don Pablo eta Don Julian hizketan lanarekin.

Larunbat gauean, Pertseiden garaian urteroko ohiturari jarraiki, Uxueko zeruaren behaketa egin ahal izango, paseo baten bitartez, Uxuen hasi eta inguruko ekosistemak ezagutzeko asmoz, Gorosti Elkartearen laguntzarekin. Ilunabarrean hasiko da ibilaldia eta gauean amaituko da, ilargipean herrira itzuliz.

Igandean, besteak beste, Beldurra zinemanizango du hizpide Karlos Alastrueyk. Musika Hesperides taldeak jarriko du Santa Maria eliza gotorlekuan, 19:00etan.

Astelehenean ikastaroa San Martín de Unx-era eramango du Akademiak Despopulazioaren beldurra aztertzeko.

Laster izango da eskuragarri ikastaroaren programa osoa. Ikastaroa jendarteari zabalik dago eta parte hartzeko ez da izena eman beharrik. 

Argazkia: Erronda pasealekua, 2024ko udako ikastaroa.


Berri gehiago

24 Emakume zientzia, arte eta letretan, Durangon

Itziar Lakari LK-EI Sari emate ekitaldia

Jakiunde Laboratorium-en 10. urteurrenean

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean