Atxaga, Bernardo - Jakiunde

Atxaga, Bernardo

Hautetsitako kide osoak

Idazlea

Atxaga, Bernardo

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951). Jose Irazu Garmendia du benetako izena. Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna, Bilboko Unibertsitatean. Filosofia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Zentralean. Hainbat lanetan aritu ondoren, erabaki zuen literaturari lotzea erabat, 1980an. Hirurogeita hamargarren hamarka hasieran argitaratu zituen bere lehen testuak, Panpina Ustela literatura-aldizkarian. Pott literatura-taldea sortu zuen beste idazle batzuekin batera.

Bere bibliografian, baditu eleberriak, kontakizunak, olerkiak, saiakera, antzerkia eta haur-literatura. Hona argitaratu dituen obrarik aipagarrienak: Etiopia (1978); Poemas & Híbridos (1990); Bi anai (1985); Obabakoak (1988); Behi euskaldun baten memoriak (1991); Gizona bere bakardadean (1993); Zeru horiek (1995); Henry Bengoa Inventarium (1996); Alfabeto sobre literatura infantil (2002); Zazpi etxe Frantzian (2009).

Estatuko eta nazioarteko egunkari eta aldizkari ugaritan argitaratu ditu lanak. Haren testuetako batzuk antologia batzuetan ageri dira. Hona antologia horietako berrienak: New European Voices (AEB), The poetry of Recover. After shocks (AEB) eta Rosso Primo (Italia).

2006an, Euskaltzaindiako kide izendatu zuten.

Euskaraz idazten duen idazlerik itzuliena da: Obabakoak, esate baterako, 23 hizkuntzatara itzuli diote. Euskaraz idazten duen idazlerik sarituena, halaber; honako sari hauek jaso ditu, besteak beste: Euskadi Saria, Narratiba Sari Nazionala, Milepages Saria, Pirinio Atlantikoetako Hiru Koroa Saria, Eusko Ikaskuntza Saria, Poesiako Cesare Pavese Saria eta Espainiako Kritika Saria hiru liburuekin (Dos hermanos, 1985; Obabakoak, 1989 eta Días de Nevada, 2014).

Bernardo Atxagari elkarrizketa Euskonewsen: www.euskonews.com/0523zbk/elkar_eu.html

http://www.atxaga.org/

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean