Marco, Tomás - Jakiunde

Marco, Tomás

Hautetsitako kide osoak

Musikaria

Marco, Tomás

Tomás Marcok (Madril, 1942) biolin- eta konposizio-ikasketak egin zituen, batxilergoa eta Zuzenbideko lizentziatura ikasten ari zen bitartean. Psikologiako, Soziologiako eta Arte Eszenikoetako ikastaroak ere egin zituen. Frantzian eta Alemanian musika-ikasketak zabaldu zituen, besteak beste, Maderna, Boulez, Stockhausen, Ligeti, Koenig edo Adorno maisuen eskutik. 1967an Karlheinz Stockhausen-en laguntzailea izan zen, Darmstadt hirian.

Sariak: Musikako Nazionala 1969an eta 2002an, Gaudeamus Fundazioa (Holanda) 1969an eta 1971n, Parisko VI. Bienala, Casalsen Mendeurrena, Urrezko Harpa, UNESCOren Konpositoreen Tribuna eta Madrilgo Komunitatearen Musika Saria. 2013an Madrilgo Goi-mailako Kontserbatorioaren Urrezko Domina jaso zuen, eta 2014an, Arte Ederren Merezimenduaren Urrezko Domina. 2016an Tomás Luis de Victoria Sari Iberoamerikarra eman zioten, eta 2018an ADEren Domina, eta Irrati-difusioko Sari Nazionala eta Ondas Saria ere jaso ditu.

Teknika Berrietako irakaslea izan zen Madrilgo Goi-mailako Kontserbatorioan, eta Musikaren Historiako irakaslea UNED Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean. Ikastaroak eman ditu Europako eta Amerikako hainbat erakunde eta unibertsitatetan, eta musika-kritikari gisa jardun du zenbait komunikabidetan.

Oso garrantzitsua da saiakera-idazle gisa egin duen lana, eta hainbat lanen artean bi azpimarratu behar dira beren garratzi eta zabaltasunagatik: Pensamiento musical y siglo XX (2003) batetik, eta, batez ere, Historia cultural de la música (2008), agian bere ekimenik anbiziotsuena eta bere garaiko liburu osoenetako bat, musikan eta garaiz garai musikarekin lotu den guztian barrena egindako ibilbide historiko bat erakusten duena. Horrez gain, 1994an Espasa Calpek argitaratutako Marc Honegger musikologo frantsesaren Diccionario Biográfico de los Grandes Compositores de la Música lana berrikusi zuen.

Hamaika urtez, Radio Nacional de España-ko musika-zerbitzuetan jardun zuen. 1981tik 1985era bitarte, Orquesta y Coro Nacionales de España erakunde autonomoko zuzendari gerentea izan zen, eta, 1991tik 1995era bitarte, talde horietako zuzendari teknikoa. 1985etik 1995era bitarte, Centro para la Difusión de la Música Contemporánea zentroko zuzendaria izan zen, eta haren elektroakustika-laborategia eta Alacanteko Nazioarteko Jaialdia sortu zituen, azken horren lehen 11 edizioak zuzendu zituelarik.

1993az geroztik, San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako zenbakizko kidea da, eta, 1977tik 1996ra bitarte, SGAEko kontseilaria izan zen.

1996an, Madrilgo Komunitateko Jaialdietako zuzendaria izan zen. Urte horretako maiatzetik 1999ko uztailera bitarte, INAEMeko zuzendari nagusia izan zen.

1998an Honoris Causa doktore izendatu zuten Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Gaur egun, San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako zuzendaria da, eta Nafarroako Gobernuko Kultura Kontseiluko kidea.

Konpositore gisa, 250 obra baino gehiago egin ditu, horien artean zazpi opera, ballet bat, zarzuela bat, hamar sinfonia, musika korala, eta ganberako, antzerkirako eta ikus-entzunezkoetarako musika.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean