Pérez Iglesias, Juan Ignacio - Jakiunde

Pérez Iglesias, Juan Ignacio

Hautetsitako kide osoak

Biologoa, Jakiundeko lehendakaria

Pérez Iglesias, Juan Ignacio

Juan Ignacio Pérez Iglesias (Salamanca, 1960). Fisiologiako katedraduna eta Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea, Euskal Herriko Unibertsitean (EHU).

Biologian doktorea da. EHUko irakasle, 1985etik. Animalien biologiarekin lotutako ikasgaiak ematen ditu han.

Animalien fisiologiaren eta itsasoko biologiaren arloan jardun zuen ikertzen 1986 eta 1999 bitartean. Diziplina horiei buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu hedapenik handieneko nazioarteko aldizkari zientifikoetan. Aldizkari horietako batzuen ebaluatzaile izan zen. Ikerketa-egonaldi ugari egin ditu kanpoan, honako zentro hauetan: Plymouth Marine Laboratory (NERC, Erresuma Batua), Laboratoire de Ecosystemes Cnonchylicoles (IFREMER, Frantzia), Itsasoko Ikerketen Institutua (CSIC, Vigo), A Coruñako Kostaldeko Laborategia (Ozeanografiako Espainiako Erakundea).

EiTBko Administrazio Kontseiluko kide da 1999tik, EHUren ordezkari gisa. EHUko Udako Ikastaroen Fundazioko eta Elhuyar Fundazioko patronatuetako kide da. EHU ordezkatzen du, gainera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuan.

1997ko ekainetik 2000ko otsailera, EHUko Euskarako errektoreorde izan zen, eta, 2004ko maiatzetik 2009ko urtarrilera, EHUko errektorea. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen (2000-2002), eta Unibertsitateen Koordinaziorako Kontseiluko kide (2002-2004).

Unibertsitate-sistemei buruzko bi liburu idatzi ditu, eta animalia-biologiari buruzko beste bat, beste egile batzuekin batera. Dibulgazio zientifikoa egin ohi du beste komunikabide batzuetan (irratia eta Internet), eta hainbat hausnarketa argitaratu ditu zientziaren eta gizartearen arteko harremaneko zenbait alderdiri buruz.

http://zientziakultura.wordpress.com/

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean