Rodríguez Ibabe, Jose Mª - Jakiunde

Rodríguez Ibabe, Jose Mª

Hautetsitako kide osoak

Industria Ingeniaria

Rodríguez Ibabe, Jose Mª

José Mª Rodríguez Ibabe (Donostia, 1958) CEIT Ikerkuntza Teknikoen Zentroko presidentea da 2017az geroztik, baita zentro horretako ikertzaile seniorra ere. Industria-ingeniaria, Metalurgiako masterduna eta Industria Ingeniaritzako doktorea Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi-eskolan (Donostia). Ikertzaile-prestakuntza doktorego-tesiarekin hasi zen –Gil Sevillano irakasleak zuzendu zuen–: altzairuen propietate mekanikoak (nekea eta klibaje-haustura), hausturaren mekanikaren hurbilpenaren arabera –garai hartan, alderdi berritzailea izan zen–. 

Tesia amaitu ondoren, CEITen hasi zen, bai eta Donostiako Industria-ingeniarien Goi-eskolan ere, irakasle elkartu gisa. Denborarekin, propietateak-mikroegitura-prozesua trinomioaren konbinazioan ardaztu du bere jarduera, eta nazioarteko erreferente bilakatu da altzairuen tratamendu termomekanikoen esparruan. Thin Slab Direct Rolling of Microalloyed Steels liburuaren egilea da.

Rodríguez Ibabe irakasleak eta bere kolaboratzaileek Londresko Institute of Materials, Minerals and Mining-ek ematen dituen Vanadium Award (2001) eta Charles Hatchett Award (2003) sariak jaso dituzte. Gainera, Iron and Steel Institute-k (AEB) ematen duen Meritorious Award (2000) saria; AISTek (Association for Iron and Steel Technology, AEB) ematen duen Gilbert R. Speich Award (2012, 2013 eta 2016) saria eta, azkenik, ABMk (Associação Brasileira de Metalurgia, Materiais e Mineração) ematen duen Konformazioko Henri Meyers saria (2017) jaso du. 

Euskal kulturarekin eta, zehazki, euskarak osatzen dute bere beste interes-fokua. 1982an, Elhuyarren sartu zen, eta bere bi interesak konbinatu zituen: teknologia eta euskara. Elhuyarren, bost unibertsitate-liburu argitaratu ditu euskaraz eta dibulgazio-artikulu ugari idatzi ditu, gehienbat 1990eko hamarkadan, eta terminologia teknikoa ezartzen lan handia egin du, hainbat hiztegirekin kolaboratuz. 2002an, Elhuyar Fundazioaren patronatuko lehen presidentea izan zen. 

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea izan da (1996), eta bere ekarpenik garrantzitsuena «Euskara lan munduan» (1997) dokumentua idaztea izan da. Tere Barrenetxearekin (Elhuyar) eta Andrés Arizkorretarekin (CAF) batera idatzi zuen, eta lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko eman beharreko urratsak definitzen zituen. Eusko Ikaskuntzaren Argitalpen Kontseiluko presidentea izan zen 6 urtez, sortu zenetik. 

José Mª Rodríguez Ibabe Jakiunderen hautetsitako kide oso hautatu zuten 2019ko azaroaren 8an, Bergaran.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean