Zabala-Iturriagagoitia, Jon Mikel - Jakiunde

Zabala-Iturriagagoitia, Jon Mikel

Kide urgazle gazte ohiak

Ingeniari industriala

Zabala-Iturriagagoitia, Jon Mikel

Jon Mikel Zabala Iturriagagoitia (Ermua, 1978) sistemen elektronikako ingeniari teknikoa (1996) eta industria-antolakuntzako ingeniaria (2002) ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean. Karrera amaierako proiektua, zaintza teknologikoko prozesuei eta horiek sormena estimulatzeko prozesuetan txertatzeari buruzkoa, IDEKO teknologia-zentroan egin zuen –Danobat Taldearen barruan–. Ingeniaritza- eta berrikuntza-proiektuetako doktorea da (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, 2008). Unibertsitate horretako INGENIO Berrikuntza eta Ezagutza Kudeatzeko Institutuan (CSIC-UPV) ikertu zuen, bada, berrikuntza neurketa eta berrikuntza-politiken ebaluazioa. Doktoratu aurreko prestakuntzan, ikerlari bisitaria izan zen Finlandiako VTT Ikerketa Teknikoko Zentroan, eta, horri esker, Europako aipamena lortu zuen doktoregoan.

2009an, doktoratu ondoko ikerlari lanetan aritu zen Suediako Lundeko Unibertsitateko CIRCLEn (Centre for Innovation, Research and Competence in the Learning Economy), eta, gero, irakasle-plaza bat lortu zuen bertan (Assistant Professor). 2012an, Europar Batasunaren Marie Curie beka bat lortu zuen, eta, horri esker, Deusto Business Schoolen hasi zen lanean. 2018an, HEC Montréaleko (Kanada) ikerlari bisitaria izan zen. Gaur egun, irakaslea eta ikerlaria da Deusto Business Schooleko Ekonomia Sailean (Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Campusa).

Bere espezializazio-eremuak hauek dira: zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politikak, berrikuntzaren kudeaketa, eta adierazleen erabilera berrikuntza-politikak definitzeko bitarteko gisa, dela enpresa-eremuan, dela lurralde-eremuan. Diziplina anitzetan aritzen denez, hainbat arlo eta diziplina zientifiko konbina ditzake, eta, horrela, zientzian eta gizartean inpaktua izango duten ikerketa-ildo berriak ireki.

2016an, Suediak berrikuntzan duen efizientzia txikiari buruz egin zuen ikerketa dela-eta eta erosketa publikoak berrikuntza estimulatzeko duen potentziala dela-eta, Suediako gobernuak Berrikuntza Batzorde Nazionala eratu zuen, eta hortik berrikuntza-estrategia nazional bat egituratu du, erosketa publikoari funtsezko papera emanda. 2017ko urtarrilean, Europako Batzordeak eskatuta, berrikuntzako eta erosketa publikoko politikari buruzko bata bestetik ikasteko ariketa batean (Mutual Learning Exercise) parte hartu zuen. Hamabost estatu-kidek parte hartu zuten, eta mota horretako politikak definitzen, ezartzen eta ebaluatzen lagundu zien. Europako herrialdeen eta eskualdeen berrikuntza-jardunaren neurketari buruz egin zuen ikerketak ere inpaktu politiko handia izan zuen eta, horren ondorioz, 2018ko azaroan, Europako Batzordeak eskatuta, 2020tik aurrerako Europako berrikuntzaren adierazle-koadroaren egitura eta orientazio berria definitu zuen. 2018ko uztailaz geroztik, COTEC Espainiako teknologiako eta berrikuntzako adituen sarearen 100 kideetako bat da. 2019ko irailean, Nazio Batuen Europarako Ekonomia Batzordeak (UNECE) eskatuta, aditu gisa parte hartu zuten Georgian berrikuntza-estrategiak eta -politikak definitzeko proiektu batean. Aldi berean, 2019ko urrian, Europako Batzordeak eskatuta, Europar Batasunaren egitura-funtsei lotutako garapen zientifiko eta teknologikoko programak, 2007-2013 aldikoak, ebaluatu zituen.

Bere ekarpen zientifikoek sari eta errekonozimendu ugari jaso dituzte. Izen handiko aldizkarietako –besteak beste, Technology Forecasting and Social Change, Research Policy eta Regional Studies– ebaluatzaile gisa egin dituen ekarpenek ere errekonozimendua jaso dute. Gainera, ebaluatzailea izan da honako hauetan: Garapenerako Zientzia eta Teknologia Programa Iberoamerikarra (CYTED); Espainiako Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionala, ikerketa-plan nazionaleko proiektuak ebaluatzeko; eta Ikerketaren Europako Kontseilua, erakunde horren Consolidator programarako aurkeztutako proposamenak berrikusteko.

Editore elkartua da Journal of Entrepreneurship, Management and Innovation eta Research Policy and Strategic Management aldizkarietan. Horrez gain, dibulgazio-lan handia egiten du Diario Vasco-ko Ekonomiaren Plaza blogean eta iNNoVaNDiS blogean –azken hori Deustuko Unibertsitateko berrikuntzari eta ekintzailetzari buruzko titulu propioa da–.

Jon Mikel Zabala JAKIUNDEko jakitun urgazle gazte aukeratu zuten 2019ko azaroaren 9an.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean