Zubiaga Elordieta, Ana Maria - Jakiunde

Zubiaga Elordieta, Ana Maria

Hautetsitako kide osoak

Biologoa

Zubiaga Elordieta, Ana Maria

Ana María Zubiaga Elordieta EHUko Genetika Saileko katedraduna da. Zientzia Biologikoetan lizentziatu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean (1981), eta unibertsitate berean doktoratu (1986).

EHUn garatu zuen doktoretza-aurreko bere ikerketa-ibilbidea, eta Tufts-eko eta Harvard-eko unibertsitateetan doktoretza-ondokoa (1986-1994), non minbiziaren garapenarekin zerikusia duten geneen erregulazioaren ikerketan espezializatu zen. 1995ean EHUko irakasle gisa hasi zen lanean.

Bere ikerketa-eremua Biologia eta Minbiziaren Genetika biltzen diren eremua da. Diseinu esperimentalen barruan daude eredu zelularren eta biologia molekular klasikoaren konbinazioa, hurbilketa genomikoak eta proteomikoak eta animalien eredu genetikoak. EHUn dagoenetik finantzaketa jaso du etengabe, estatuko eta erkidegoko 20 proiektutako ikertzaile nagusi gisa. Azpimarratzekoa da Consolider-Ingenio proiektuetan parte hartu izana (2007-2012).

Ana Zubiaga Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen ikerketa-talde sendo bateko burua da 2001etik; talde hori irakasleek, doktoretza-aurreko eta -ondoko ikertzaileek eta Ikerbasqueko ikertzaileek osatuta dago. Taldeak bere ekarpenak egin ditu zenbait argitalpen garrantzitsuren bidez (Cell, Immunity, J Clin Invest, Nucleic Acids Res), non E2F faktoreen funtzio fisiologikoak eta patologikoak deskribatu dituzten, eta haien transkripzio-jardueraren eta minbizian eta ehunen degenerazioan duten inplikazioaren azpian dauden mekanismoak zehatz-mehatz analizatu. Taldeak modu aktiboan lan egiten du zenbait ikerketa-talderekin, estatukoak (CNIO, Bartzelonako Unibertsitatea) zein nazioartekoak (NKI, Harvard, Karolinska, Kalifornia-San Diegoko Unibertsitatea).

Hirurogei artikulu baino gehiago argitaratu ditu, biologia molekularraren eta genetikaren eremuan eragin handia duten aldizkarietan gehienak, eta 3.900 aipu baino gehiago izan ditu. Hamazazpi doktore-tesi zuzendu ditu, eta master amaierako 27 lan baino gehiago.

EHUn izan dituen edo gaur egun dituen ardura instituzionalei dagokienez, hauek dira aipatzekoak: Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea (2009-2014), Ikerketa Batzordeko kidea ((2006-2009) eta Graduondoko Batzordeko kidea (2013-2014); Genetika Molekularreko Doktoretza Programako koordinatzailea (2005-2010) eta Biologia Molekular eta Biomedikuntzako Masterreko koordinatzailea (2008-2014); Biomedikuntza Molekularreko Ikerketa Unitate eta Formakuntzako zuzendaria eta Genomikako zerbitzu orokorreko aholkularia (2003tik).

Aditu gisa, honako lan hauek izan ditu: Ebaluazio eta Prospektibaren Espainiako Agentziako koordinatzailearen laguntzaile: Biologia Zelular eta Molekularreko eta Genetikako Arloa (2005-2008) eta Biomedikuntzako Arloa (2015-2018); berariazko ikuskatzaile estatuko eta nazioarteko zenbait programaren Ebaluazio Batzordeetan, ikuskatzaile nazioarteko zientzia-aldizkarietan eta Genes aldizkariko argitaratzaile gonbidatu (2018-2019).

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean