Zugaza Miranda, Miguel - Jakiunde

Zugaza Miranda, Miguel

Hautetsitako kide osoak

Arte historialaria

Zugaza Miranda, Miguel

Miguel Zugaza Miranda (Durango, Bizkaia, 1964). Artearen Historian lizentziatu zen 1987an, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta, ondoren, Geografia eta Historia Fakultateko Arte Garaikidearen Departamenduko "Arte Garaikidearen oinarriak" programako doktorego-ikastaroa egin zuen (1988-89).

1986 eta 1994 artean, Ikeder SL kultur zerbitzuen enpresako zuzendaritza-lanetan aritu zen, kulturaren kudeaketa pribatuan aitzindari izan den enpresa-proiektu batean. Azpimarratzekoa da aldi horretan museoei laguntzeko, erakusketak antolatzeko, eta bilduma publiko zein pribatuak katalogatzeko eta dokumentatzeko egin zuen lana.

1994tik 1996ra, zuzendariorde orokorra izan zen Madrilgo Reina Sofia arte-zentroan (MNCARS), eta aktiboki hartu zuen parte museoko bilduma iraunkorra birmoldatzeko proiektuan eta aldi baterako erakusketa-egitasmoetan.

1996 eta 2002 artean, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izan zen. Garai horretan, museoa modernizatzeko asmo handiko egitasmoa bultzatu zuen, bai instalazioei zegokienez, bai kudeaketa-ereduari zegokionez. Horrez gain, kalitate eta proiekzio handiko erakusketak antolatu zituen; hain zuzen ere, museoak urte horietan egindako erakusketen artean, honako hauek nabarmen daitezke: «Sorolla & Zuloaga», «Bodegoi espainiarra», «Zurbarán, azken aldiko obra», «Biluziak» eta «Emakume inpresionistak».

Sari eta ikerketa-beka askotako epaimahaikide izan da, eta hainbat erakusketetan komisario; bestalde, aldizkarietan eta egunkari ugaritan hartu du parte.

2002ko urtarrilaren 18tik 2017ko martxora arte, Museo Nacional del Pradoko zuzendari izan da. 2017ko martxoaren 20tik Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari da.

2005eko apirilaren 26an, Italiako Errepublikak Cavaliere Ufficiale kondekorazioa eman zion.

2006ko ekainaren 13an, Frantziako Errepublikako presidenteak proposatuta, zaldun izendatu zuten, eta merezimenduaren domina eman zioten (Chevalier de l’Ordre national du Mérite).

2011ko apirilaren 19an, Bilboko kontsul izendatu zuten, Bilboko Merkataritza Ganberaren proposamenari erantzunez.

2012ko apirilaren 26an, Maiatzaren 2ko Ordenako Gurutze Handia eman zion Madrilgo Autonomia Erkidegoak.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean