Otsaila Jakiunde 2024 egutegian: Félix Goñi

Felix Goñi UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradun emeritua da Jakiunde 2024 egutegiko otsaileko protagonista, eta "Plus ultra" leloa aukeratu du horretarako.

Emakumezkoak izan dira bi urtez egutegiko protagonistak: 2022an STEMM diziplinetako profesionalak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematika eta Medikuntza, ingelesezko siglen arabera), eta 2023an zientzietan, arteetan eta letretan diharduten profesionalak. Aurten, 2024an emakumeak eta gizonak ditugu egutegian. Gaur egun 107 kide ditu Akademiak, 74 gizon eta 33 emakume.

Jakiundeko kideek beren ibilbide profesionalaz edota beren ikerketa-esparruari buruzko ideiak edo egungo erronkei buruzko pentsamenduak adierazten dituzte egutegiarekin batera plazaratzen den bideo laburrean. Felix Goñik Juan Mari Arzaken etxea aukeratu du laborategiko lanari eta helburu zientifikoak lortzeari buruzko hausnarketa egiteko.

Félix Goñi Urcelay (Donostia, 1951). CSIC-EHU Zentro Mistoko Biofisika Unitateko zuzendaria izana da. Haren taldea Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren errendimendu handiko taldeetako bat izan da. Biofisikako Amerikako Elkarteko Mintzen Estruktura eta Mihiztatze Saileko presidente hautatu zuten 2014rako. Medikuntzan eta Kirurgian doktorea, Nafarroako Unibertsitatean. Doktoratu ondoko ikasketak egin zituen Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital).

Zelula-mintzetako elkarrekintza molekularretan zentratu du bere ikerketa. Sei liburu argitaratu ditu, eta 265 artikulu; gonbidatutako eta osoko hitzaldi ugari eman ditu nazioarteko hainbat batzarretan eta mundu osoko unibertsitateetan. Bi patenteren egilekide da, eta hamabost doktore-tesi zuzendu ditu. Nazioarteko aldizkari espezializatu ugaritako argitalpen-batzordeko kide izan da, eta nazioarteko batzar anitzetako batzorde zientifikoko partaide izana da. Federation of European Biochemical Societies-eko Argitalpen Batzordeko presidentea izan da. Biofisika Bizkaia Fundazioaren sortzailea eta presidentea. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Oso, eta Universidad Nacional de Córdobako (Argentina) ohorezko irakasle.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikako zuzendaria izan zen. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Oinarrizko Biologia Programako Batzordeko aditu (2002). 51st Annual Meeting of the Biophysical Society-ko (Baltimore, Maryland, AEB) Programako Batzordeko presidentea izan zen (2006).

Hainbat sari ospetsuren jabe da, hala nola: 2002ko Euskadi Ikerketa Saria; 2013ko Avanti Saria, lipidoei buruzko europako ikerketa onenari saria; eta 2021eko Humboldt Saria.


Berri gehiago

24 Emakume zientzia, arte eta letretan erakusketa Donostian

Pleno de primavera 2023 en ESTIA, Bidart

Urtarrila Jakiunde 2024 egutegian: Gurutz Jáuregui

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean