Nafarroako Jakin-minaren hamalaugarren edizioaren ziurtagiriak maiatzaren 20an, asteartean, banatuko dira Nafarroako Unibertsitatearen Museoan (MUN), 12:00etan.
Ikasleek Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburu Juan Luis Garcíaren eskutik jasoko dute diploma, eta ekitaldian parte hartuko dute Iciar Astiasaran Jakiundeko presidente ohi eta Nafarroako Unibertsitateko Bromatologia eta Nutrizioko katedradunak, eta, hurrenez hurren, Iruñeko eta Tuterako Jakin-mina zikloen arduradunak, Roldán Jimeno, NUPeko Zuzenbidearen Historiako katedraduna, eta Humberto Bustince, NUPeko Konputazio eta Adimen Artifizialeko katedraduna, eta Irantzu Vázquez, Nafarroako Kutxa Fundazioko Kultura eta Gizarte arloko zuzendariak.
Honako 13 ikastetxetako DBHko 4. mailako 70 ikaslek jasoko dute ziurtagiria: Altsasu BHI (Altsasu), Andra Mari Ikastola (Etxarri-Aranatz), Amazabal BHI (Leitza), Fraysoro (Zizurkil), Navarro Villoslada BHI (Iruñea), La Compasión Escolapios (Iruñea), Paz de Ziganda Ikastola (Iruñea), Pedro de Atarrabia BHI (Atarrabia-Villaba), San Fermin Ikastola (Iruñea), Toki Ona BHI (Bera), Valle del Ebro BHI (Tutera), eta Zizur BHI (Zizur).
Ikasleak ziurtagiriak banatzeko ekitaldira joango dira beren tutore edo orientatzaileekin, eta, ondoren, museoaren bisita gidatua egin ahal izango dute.
Jakin-mina EAEko eta Nafarroako Foru Komunitateko DBHko 4. mailako ikasle guztiei zuzendutako egitasmoa da. Deialdia ikasturtearen hasieran iristen da ikastetxeetara, eta ikastetxeek ematen dituzte ikasleen izenak, parte hartu nahi duten bost hitzaldiko zikloan. Nafarroan, CIVICANen (Iruñea) eta NUPeko campusean (Tutera) egiten dira bi zikloak, azarotik martxora, hilean hitzaldi batekin. Ziklo bakoitzeko bost hitzaldietatik lautara gutxienez joaten diren ikasleek bertaratze-ziurtagiri bat jasotzen dute programa amaitutakoan.
Nafarroako Gobernuaren Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren babesa du Jakin-mina egitasmoak Foru Komunitatean. Era berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Unibertsitatearen lankidetza du.
Argazkia: Hamalaugarren edizioko ziurtagiriak banatzeko ekitaldia (2024).

Jakin-Mina
Jakin-mina ziurtagiri banaketa Nafarroan
Data: 2025.05.21
Ordua: 12:00